XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) eta diruaren truke, jende ezjakinaren kontsolagarri, diplomak ematen zituzten, gela honetan dagoen agiri horren antzekoak.

Hutsa eduki eta hori ere kendu nahi izan zieten.

Nik une horretaz baliatu nahi izan dut gaueko gertakariei buruz zerbait gehiago jakitearren:

- Asni ondoko jauregia ere tokiz kanpo dago, ezta?

Saidek ipar amerikarren batena dela esan dit...

- Egongo ez duk ba, tokiz kanpo! erantzun dit harritu nauen sumindura nabarmen eta susmagarria erakutsiz.

Jauregi erraldoi horrek arkitektura arabiarra duen arren, harresiak hemengo errealitatetik babesteko ditik.

Esango nikek Mendebalean ez gaituzuela garen bezala ikusten, ikusi nahi gaituzuen bezala baizik.

Orain arerioa Ekialdean zagok, integrismoa eta, badakik, baina gure errealitatea askoz konplexuagoa duk: islama eta politika nola lotu eztabaidatzen ari gaituk, edo emakumearen askatasuna aldarrikatzen, edo garai batean Andalusian egon ziren judu, kristau eta arabiarren arteko elkarbizitza bultzatzen...

Eta hori, hori ez duk inon agertuko.

Mendebalean gure errealitatea baino, gure irrealitatea erakusten zaizue!

Zuenean ere antena paranoikoak dituk nagusi.

Abdelkrimek sutsuki hitz egiten du sarritan.

Hala ere, tarteka konturatzen da ez daukala ni zertan konbentzitu, edo urrunegi joan dela, edo neure aurpegiak adierazten dio ez diodala deus ere ulertu.

Eta halakoetan, gaur bezala, benetako interesagatik baino gehiago gizalege hutsagatik, Euskal Herriaz galdegiten dit, edo institutuko gorabeherez.